
PRENTSA-OHARRA
Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformak eskola-jantokien kontratua aztertu du, eta eredu industrializatua bultzatzen duten gabeziak daudela ohartarazi du.
Vitoria-Gasteizko ikastetxe publikoetako familiek osatutako Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen eskola-jantokien egungo kontratua aztertzeko dokumentu bat prestatu du. Txostenak zerbitzua arautzen duten pleguak aztertzen ditu eta haien diseinuan hainbat ahulezia azpimarratzen ditu; plataformaren arabera, gabezi horiek eskala industrialeko eta elikadura-kalitate baxuko eskola-elikadura eredua bultzatu dute.
Egun indarrean dagoen kontratua 2022an esleitu zen, hasiera batean hiru urteko iraupenarekin; beraz, 2026ko ekainean amaituko da, luzapenak egiteko aukera aurreikusten duen arren. Egoera honen aurrean, familiek uste dugu une garrantzitsua dela eskola-jantokiaren eredua berrikusteko.
Plataformatik adierazi dugu ikastetxeetan sukaldeak in situ jartzeak berehalako ezarpena eragozten duten inbertsioak eta gauzatze-epeak behar dituela; horregatik, aurreikus daitekeenez, trantsiziozko sukalde zentraleko eredu bat lizitatu beharko da berriro. Testuinguru horretan, familiek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu etorkizuneko kontratazioak ez ditzala egungo kontratuan hautemandako arazo berberak errepikatu.
Plataformak egindako azterketak gabezi nabarmenak identifikatu ditu egungo kontratuko pleguen idazkeran. Horiek, eskola-elikadura eredu osasuntsu eta jasangarria bermatu beharrean, ekoizpen-sistema industrializatua eta erabat zentralizatua bultzatzen dute de facto.
Elementu deigarrienetako bat eskola-menurako finkatutako gehieneko prezioa da: 2,95 €. Kopuru horrek lehengaien kostua, prestaketa, langileak, sukalde zentraletik egindako garraioa, administrazio-gastuak eta enpresa-etekina estali behar ditu aldi berean. Prezio hori, gainera, kontratuak irauten duen bitartean (bost urte arte luzatu daitekeena) berrikusteko inolako mekanismorik gabe ezartzen da. Elikagaien prezioen lurrunkortasun handiko testuinguru honetan, berrikuspenik ez egoteak kostuak murrizteko egiturazko presioa dakar, eta horrek, ezinbestean, erabilitako lehengaien kalitateari eragiten dio.
Muga ekonomiko horri zehaztapen teknikoen idazkera gehitu behar zaio, nutrizio-eskakizunetan dagoen zehaztasun falta nabarmenagatik. Pleguak behin eta berriz erabiltzen ditu “lehentasunez” edo “ahal den neurrian” bezalako adierazpenak, eta formula horiek nabarmen apaltzen dute elikadura-estandarren derrigorrezko izaera. Adibidez, arrain freskoaren erabilera “ahal den neurrian” planteatzen da, hilean behin gutxienez; horri esker, zerbitzatzen den gainerako arraina izoztua edo prozesatua izan daiteke kontratua hautsi gabe.
Antzeko zerbait gertatzen da oinarrizko elikagaiekin, hala nola haragiarekin eta barazkiekin. Pleguak ezartzen du haragiak “lehentasunez freskoak” izango direla, baina ez du gutxieneko ehunekorik finkatzen, ezta haragi izoztua edo haragi-produktu prozesatuak erabiltzeko muga argirik jartzen ere. Barazkien kasuan, “ahal den neurrian sasoiko barazki freskoak” erabiliko direla adierazten da, baina formulazio horrek ez du maiztasunari edo produktuaren proportzioari buruzko betebehar egiaztagarririk ezartzen. Praktikan, adierazpen horiek interpretazio-marjina zabala uzten diote enpresa esleipendunari erabilitako osagaien benetako kalitateari buruz.
Gainera, menuen plangintzak berak gantz-eduki handiko prestaketen edo lagungarri ez-osasungarrien presentzia nahiko handia ahalbidetzen du. Pleguak astean bi plater arrautzaztatu eta astean bi frijitu onartzen ditu, sukaldeko teknika horien muga bateraturik ezarri gabe. Era berean, astean behin patata frijituak egotea onartzen da, ketchupa astean bitan eta maionesa hilean bitan, lagungarri horietan gehieneko nutrizio-profilik edo gatza edo gantza neurtzeko muga argirik ezarri gabe.
Esleipen-irizpideek ere ez dituzte gabezia horiek zuzentzen. Pleguak 100etik 52 puntu ematen ditu ziurtatutako produktu batzuk (ekologikoak, bidezko merkataritzakoak edo kalitate-izendapenak) sartzeagatik, baina puntuazioa hitzemandako produktu indibidual bakoitzeko ematen da, erabilitako lehengai guztien gaineko gutxieneko ehunekorik edo benetako kontsumo-bolumenik eskatu gabe. Horrek esan nahi du enpresa batek puntuazio altua lor dezakeela ziurtatutako produktu batzuk puntualki sartuta, menuaren zati handiena ohiko kate industrialen bidez hornitzen jarraitzen duen bitartean.
Horri kontratuaren dimentsio ekonomikoa gehitu behar zaio: balioetsitako balioa 76 milioi eurotik gorakoa da, eta 66,6 milioi inguru Gasteizi dagokion lote bakarrean biltzen dira. Eskala horrek gaitasun handiko azpiegitura industrialak eskatzen ditu —bolumen handiko sukalde zentralak, logistika-sare konplexuak eta finantza-solveztasun handia—, eta horrek asko zailtzen du nekazaritzako elikagaien enpresa txiki eta ertainek lizitatzaile nagusi gisa parte hartzea, nahiz eta kontratazio publikoaren legediak loteetan banatzea sustatzen duen, hain zuzen ere, horien sarbidea errazteko.
Pleguak ez du muga operatibo argirik ezartzen logistika-ereduaren funtsezko alderdietan ere. Ez da garraiorako gehieneko distantziarik ezartzen, ezta sukaldatzearen eta kontsumoaren arteko gehieneko denborarik ere. Horri esker, elikagaiak ikastetxetik dozenaka kilometrora dauden sukaldeetan prestatu daitezke eta garraioan denbora luzez egon daitezke kontratua formalki urratu gabe. Gaur egun, 8.700 eskola-menuk 70 kilometro inguru egiten dituzte egunero Derion dagoen sukalde zentraletik Gasteizko eskola-jantokietaraino.
Egoera horri jantoki-orduko zerbitzuaren antolamendu-eredua gehitu behar zaio. Autonomia-araudiak ezarritako monitore-ratioek, berriki hobetu diren arren, ikasle talde jendetsuak esleitzen dizkiote monitore bakoitzari; gainera, monitorizaziorako aurreikusitako zereginak zainketa, antolaketa eta garbiketa lanetara mugatzen dira. Diseinu horrek eragotzi egiten du eskola-jantokiak benetako hezkuntza-lana garatu ahal izatea, nahiz eta hezkuntza-araudiak gune hori ikastetxearen proiektu pedagogikoaren partetzat hartzen duen.
Plataformaren arabera, azterketak agerian uzten du kontratuaren diseinuak berak lehenesten dituela eraginkortasun logistikoa eta kostuen murrizketa, zerbitzua catering industrialeko sistema handien bidez ematea ahalbidetuz, ikasleei ematen zaien menuaren benetako kalitatea bermatu gabe.
Familien ustez, kontratua arautzen duten baldintza-pleguak idazteko prozesua aukera bat da irizpide argiagoak eta zorrotzagoak sartzeko, eskola-elikadura osasuntsua, jasangarria eta eskola-jantokiaren hezkuntza-funtzioarekin koherentea izango dela bermatzeko.
