🚲
Berreskuratu ditzagun kaleak haurrentzat.
Abendaño Ikastolak bide-segurtasuna eta inguruneko airearen kalitatea hobetzeko premiazko neurriak eskatu dizkio Udalari eta bizibusean joateko deialdia egin du maiatzaren 8an Street for Kids ekimenarekin bat eginez.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 7a. Abendaño Ikastolako IFEko Gure Bideak – Bide Seguruak taldeak eskaera formal bat erregistratu du Vitoria-Gasteizko Udalean, bide-segurtasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta ikastetxearen inguruko airearen kalitatearen arloan premiazko hobekuntzak eskatzeko.
Eskaera Jorge Manuel Ozcáriz Salazar Espazio Publikoko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari eta Blanca Díaz de Durana Uriarte Ingurumeneko zuzendari nagusiari zuzendu zaie, familia ugari kezkatuta daudelako egunero ehunka haur oinez, bizikletaz, patinetez edo garraio publikoan ikastetxera sartzen diren baldintzengatik.
Gure Bideak batzordeak gogorarazi du eskaera hori bat datorrela Gasteizko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburuekin. Plan horrek lehentasuna ematen die oinezkoentzako joan-etorriei, bide-segurtasunari eta ingurune sentikorretan, hala nola ikastetxeetan, motordun trafikoa murrizteari.
Gainera, azpimarratzen dute, Ekologistak Martxan taldeak 2026ko martxoan argitaratutako txostenaren arabera, Abendaño Ikastolaren inguruan erregistratutako nitrogeno dioxidoaren mailak Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako balioak gainditzen dituztela.
Eskatutako neurri nagusiak
- Eskola-sarreretan eta -irteeretan semaforo-denborak berrikustea.
- Abiadura 20 km/h-ra murriztea eskola-ingurunean.
- Trafikoa lasaitzeko neurriak instalatzea.
- Oinezkoentzako seinaleak sendotzea.
- Radar pedagogikoak edo abiadura-kontrolak instalatzea.
- Eskola-eremuko seinaleztapen espezifikoa hobetzea.
- Eskola-bide seguruak sortzea.
- Landare-hesiak instalatzea kutsatzaileekiko esposizioa murrizteko.
- EIBrekin gurutzatzen duten semaforoetan sakagailuak sartzea.
- Pixkanaka, hiri-autobusak ibilgailu elektrikoekin ordeztea.
“Gure seme-alabak eskolara modu seguruan, autonomoan eta osasuntsuan joan ahal izatea nahi dugu. Kaleek ere haurtzarorako pentsatuta egon behar dute”, adierazi dute Gure Bideak ekimenetik.
Bizibusa ostiral honetan, maiatzak 8

Aldarrikapen horrekin bat eginez, kolektiboak beste bizibus bat antolatu du bihar, maiatzak 8, ostirala, Street for Kids nazioarteko ekimenaren barruan. Egun horretan mundu osoko hiri askotan familiek eta hezkuntza-komunitateek kale seguruagoak eta osasungarriagoak aldarrikatzen dituzte haurrentzat.
Street for Kids ekimenak eskola-ingurune seguruak, trafiko motordunaren murrizketa, aire garbiagoa, autonomia handiagoa haurrentzat eta oinez nahiz bizikletaz joateko azpiegitura seguruak eskatzen ditu.
- Irteera 9:00etan:
- Gustavo Doré biribilgunea (Santa Teresa kaletik)
- Gasteiz hiribidea/Txile
- Elkargune bateratua: 9:15ean – José Luis Gonzalo Bilbao plaza
Gure Bideak ekimenean parte hartzeko deia egin die familiei, ikasleei eta herritarrei.
Mundua aldatuko dugu, kalez kale. Berreskuratu ditzagun kaleak haurrentzat.
