EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO

Euskal eskola publikoaren oinarriak, eta eraiki nahi dugun eskola eredua eratzen duten proposamenak, bi agiritan daude garatuta: EUSKAL HERRIRAKO CURRICULUMA eta EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO.

Euskal Herriko eskola publikook HEZKUNTZA KALITATEA sustatzeko proiektu jakin batekin gaude engaiatuta, oinarria ikasle bakoitzaren eskola arrakasta izanik.

Nola ulertzen dugu guk hezkuntza-kalitatea?

  • Hezkuntza pertsonaren osoko garapena ahalbidetzen duen prozesu bezala ulertzen dugu. Beraz, gaitasun kognitiboak eta ez kognitiboak, zehatzak eta zeharkakoak garatzea.
  • Hezkuntza-kalitatea iristea prozesu dinamikoa da; ebaluazioaren kulturan eta etengabeko hobekuntzan oinarritua, eta ikastetxez ikastetxe zertzen dena.
  • Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua hezkuntza-erkidegoak prestatutako agiri pedagogikoa da. Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Proiektu hori osatzeko bere aldagaiak izanik, haiek baldintzatzen dituzte haren aplikazioa eta garapena.
  • Horregatik, nola desberdina baita ikastetxe bakoitzaren abiapuntua, ikasleen erronkei eta beharrei ikastetxeak ematen dizkien erantzunen kalitatearekin egon behar du lotuta hezkuntza-kalitatea kontzeptuak.

Kalitate horren bilaketan, helburu hauetarantz zuzendu behar da ikastetxearen lana:

  • Ikasle guztiek oinarrizko gaitasunak garatzen dituzte.
  • Ikasle bakoitzak errendimendu egokia lortzen du barneko eta kanpoko ebaluazio prozesuetan, gaitasun guztietara iristen den prozesu gisa ulertuta ebaluazio prozesuok.
  • Eskola-erkidegoak erakundearen hezkuntza-kalitatean zuzenean eragiten duten baldintzak eta estrategiak sortzen ditu.

Euskal eskola publikoaren konpromisoak

Arestian aipatu helburuak betetzen direla bermatzeko, IKASTETXEKO HEZKUNTZA PROIEKTUa ondo zehaztuta eduki ez ezik, erkidegoko kide guztiek hura garatzen eta hobetzen engaiatu eta jardun behar dute. Eginkizun horretan, denok gara hezkuntza eragileak.

Euskal Eskola Publikoa Haratago agirian (7. or.) gure ustez eskola-erkidegoak pertsonaren osoko garapenari lagunduko dioten hezkuntza ekintzak garatzeko bere egin behar dituen 17 konpromisoak jaso dira.

Euskal eskola publikoaren hezkuntza eredua

Euskal eskola publikoak defendatzen eta sustatzen duen hezkuntza-eredua hezkuntzaren ikuspegi soziokulturalean oinarritzen da; ikuspegi hori EUSKAL HERRIRAKO CURRICULUMA agirian garatu da.

Ondo deritzogu orain arte eskola publikoak izandako lorpenei, eta uste dugu hezkuntzaren lehentasunezko hiru gaitasun ikuspegitan sakontzen jarraitu behar dugula; honakoak dira hiru ikuspegi horiek:

  • hezkuntzaren gizarte ikuspegia,
  • hezkuntzaren ikuspegi psikologikoa
  • eta norberaren autonomiari eta ekimenari lotutako hezkuntza ikuspegia.

Ikuspegi hirukoitz horretatik, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO agirian, etorkizun hurbilerako lehentasunezko 10 erronka garrantzitsuri buruzko proposamenak egin ditugu, eraikitzen jarraitu nahi dugun euskal eskola publikoaren erabateko garapena bermatze aldera.

Euskal eskola publikoaren erronkak

Jarraian, aipatu erronkak gauzatzeko irizpide, helburu eta zehaztapen batzuk aurkeztu nahi dizkizuegu; herritarren ordezkariek etorkizunean egingo diren eztabaida prozesuetarako haiek aintzat hartzeko eskatzen dugu, gure etorkizuneko hezkuntza sistema arautuko duen lege esparrua ezartzeari begira.

Hasteko, gure ustez, lehenbizi, sare publikoak, zuzentasun, kalitate, elebitasun… tasak lortzeko, hezkuntza sistemari zer ekarri dion hausnartu nahi dugu.

Zinez uste dugu hezkuntza publikoko aurrerapenek Europako hezkuntza sistema eraginkorrenetik gertuago kokatu dutela gure hezkuntza sistema.